top of page
  • Writer's pictureAlaine Altube

Haurrekin etxean. Gu lanean (edo ez). Eta orain gainera irakasleak gara?

Lerro hauek idazten ditudan egunean bertan oraindik ez dago argi nola hasiko diren haurrak kalera irtetzen etxean ia 50 egun sartuta pasatu ondoren.


Eta helduak kexu gara. Eta haurrak kexu dira, gu kexu garelako.


Egoera aldrebes honetara ongien egokitu direnak ikusi nahi dugun ala ez, etxeko txikienak izan dira. Eta horrekin ez dut inolaz esan nahi ez denik gogorra izan beraientzat. Baina etxean daude, beraiek gehien maite dituzten pertsonekin eta kasu askotan oso gutxitan ikusten dituztenak. A zer opari izan duten! 50 egun pertsonarik berezienekin egotea!! Aprobetxatu ditzagun hurrengo minutuak zorte hori ez duten haurrengan pentsatzeko, etxean seguru sentitzen ez diren horiek, abusuak jasaten dituztenak, abusuak ikusten dituztenak etxean, etxerik ez dutenak edo etxerik ez dutela sentitzen dutenak.


Orain, begiratu berriz gure haurrei, zenbatek dauzkate leihoak etxean? Askok mendiak ere etxetik ikusiko dituzte. Baten batzuk balkoia izango dute, zortedun batzuk terraza handixeago bat eta momentuan zorterik onenekoek espazio zabal handiak.

Eta zertara datorren hau dena? Lehendabizi gogorarazteko haurrek esperientzia hau guk transmititzen diegunaren arabera biziko dutelako. Gu beldurrez ikusten bagaituzte beraiek ere beldur izango dira. Gu ziurtasunez ikusiz gero, lasai egongo dira.


Eta hor zaude zu. Guraso. Zaintzaile. Haurraren zaindari. Haur bat edo gehiagorekin etxean sartuta. Inoiz baino gehiago. Eta orain agian lanean ere bai, edo ez. Orduak eta orduak txiki horiekin metro koadro gutxi batzutan sartuta inoiz egon ez zareten bezala. Zer egin dezaket? Zein arduratzen da gehiago egoera horretan? Gu, ezta? Hori gutxi balitz haur horiek ikastolan egon beharko lukete eta irakasleek hainbat lan bidaltzen dizkiete etxean egiteko. Oso ondo, horrela ordu batzuk entretenituta egongo dira beraiek bakarrik. Baina, hor arazoa. Ez dute ulertzen, laguntzan behar dute, ikasteko norbaitek gidatu egin behar ditu; hori delako irakaslearen lana, edo ez? Orain arte planteatu gara zer zer irakasle edo hezitzaileek egiten zutena?


Uf! Zer zaila! Ez naiz gogoratzen nola egiten zen hau! Nire garaietan hau ez zen horrela! Galdetu beste norbaiti. Ba gaizki egongo da! Eta orain ingelesa?" Ez duzu halako esaldi bat bera ere esan edo pentsatu? Ba zorionekoa zara zu! Zuk agian haur bat daukazu edo asko jota maila desberdinetan dauden hainbat haur. Pentsatu gela berdinean pilatuta dauden 25 neska mutikoetan, bakoitza bere bizi-esperientziekin, bere nortasunarekin, bere arazoekin, bere egun on eta txarrekin, bere gaitasun eta ez-gaitasunekin.


Lehenago edo beranduago hau guztia amaituko da eta "betikora" itzuliko gara. Denbora hau japoniera ikasteko aprobetxatzea nahi baduzu oso ondo deritzot, edo zure barneko jainkosa espiritualarekin konektatzeko beharrezko hamaika kurtso egin nahi badituzu bejoindeizula. Gogoan izan, ordea, ez duzula sekula gehiago aukera hoberik izango haur horiekin horrela egoteko. Haur horien begietan miresmena besterik ez dago zuregana; zure egun txarrenean ere. Eman diezaiegun beraiek guri ematen ari diren horren zatitxo bat sikeran.




19 views0 comments

Recent Posts

See All
bottom of page